halfhouse 2020

eremuak-en Batzorde Teknikoak eta Halfhouseko kideek, deialdian jaso ziren proposamenak aztertu ondoren, Daniel LLaría aukeratu zuten 2020ko Halfhouse-n egonaldirako.

eremuak programak egonaldi-deialdi bat ireki zuen, Halfhousekin lankidetzan, Euskal Autonomia Erkidegoko artistentzat. Deialdiak arte bisualen testuinguruan lan egiten duten artistei eta/edo sortzaileei laguntzea du helburu.

Egonaldia abuztuaren 2an hasi eta urriaren 2an amaitu zen, Halfhouse-k Bartzelonan duen egoitza berrian. Egonaldia artistaren erakusketa batekin amaitu zen, aldi horretan egindako lana azaltzen. Espazioan bertan inauguratu zen Duros erakusketa, 2020ko urriaren 3an.

Halfhouse irabazi asmorik gabeko espazioa da eta artearen esparruko proiektuak garatzen ditu. 2009an fundatu zenetik 2018ra bitartean, proiektua sortzaileen (Sinéad Spelman eta Alberto Peral artistak) etxebizitzan garatu da. Denbora-tarte horretan, nazioko zein nazioarteko artistek euren lana aurkeztu eta workshop-ak egin dituzte Halfhouse-n, eta espazioko ekintzen artean beti izan da oso garrantzitsua artisten egonaldia. 2016az geroztik, Halfhouse-k egonaldien akordio bat sinatu zuen eremuak-ekin, urtero Euskal Herriko artista edo sortzaile bat gonbidatzeko.